Ulermen proiektuek daukaten ardatz garrantzitsuenetarikoa da lanak esanguratsuak izango direla. Hau da, hasieratik bertatik ikasleek badakite zergatik edo zertarako landuko dituzten gai jakin bateko edukiak. Badakite helburu bat daukatela, hala nola, gurasoen aurreko aurkezpena, tailerren antolaketa, sentsibilizazio kanpaina baten antolaketa… Horrelakoak izan dira, besteak beste, bigarren hiruhileko honetan Lehen Hezkuntzan aurrera atera ditugun amaierako proiektuak.
Hirugarren mailan erromatar zibilizazioa landu dute eta, horrekin batera, tailer batzuk prestatu dituzte (antzerkietako maskarak egitea, hiriak antolatzea, erromatar zenbakiak erabiltzea…) haien gurasoei landutakoak ezagutzera emateko.
Laugarren mailakoak, ordea, kalera atera dira oraingoan murriztu, berrerabili eta birziklapenaren garrantziaz ohartarazteko. Jolas desberdinak sortu dituzte santurtziarrek ingurugiroa gehiago zaindu dezaten.
Bestalde, hirugarren zikloko ikasleek haien gurasoak ikastetxera gonbidatu dituzte haien lanak ikusteko. Batetik, bosgarren mailako gurasoek giza-gorputzaren aparatu eta sistemak hobeto ezagutu ahal izan dituzten haien seme-alabek eginiko maketa eta azalpenei esker.
Bestetik, seigarren mailako ikasleek Enpresa Jasangarrien Topaketan parte hartu dute, ingurumenarekin errespetuzkoak diren eta garapen jasangarriarekin bat datozen enpresak sortuta. Berriz ere esperientzia zoragarriak izan dira ikasleentzat, gurasoentzat eta santurtziarrentzat.
Hori dela eta, hurrengo ulermen proiektuetako azken-proiektuak sortzeko desiatzen gabiltza.