Bigarren hiruhileko honetan Igartubeiti eta Zumalakarregi museoetara joan dira DBH3-4ko ikasleak. Proposamen hau hezkuntza kurrikulumaren osagarri bezala planteatzen da. Helburu nagusia euskal baserriaren eta horri loturiko bizimoduaren bilakaera lantzea da, jasangarritasuna ardatz hartuta, gizakiaren eta ingurugiroaren arteko harremanaz hausnartuz. Horretarako, bisitan joan aurretik, Aitor Aldunaren Amama filma ikusi genuen: familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egite bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama. Behin hara helduta, lehenik eta behin Igartubeitira joan ginen. XVI. mendeko baserrian, lehenik eta behin, bideo ezberdinen bitartez, garai hartako bizimodua azaldu zieten eta baita sagardoa nola egiten zen ere. Honekin lotuta euskal baserrien sorrera ikusi genuen, izan ere, sagardoak garrantzi handia zuen. Jarraian, baserrian zehar ibili ginen gela bakoitzaren berezitasunak aztertzen. Ondoren, Zumalakarregi museora joan ginen. Gaur egungo gizartea ulertzeko eta ezagutzeko asmoarekin, XIX. mendean zehar ibilbide dinamikoak eskaintzen ditu. Zumalakarregi Museoko Hezkuntza Proiektuaren asmoa elkarrizketa soziala eta ideien trukea bultzatzea da gai eta ikaskuntza-prozesu berrien bitartez, baita pentsamendu kritikoa sorraraztea eta gure ingurunearekiko konpromisozko jarrera arduratsua hartzea ere. Amaitzeko, inguruan zegoen frontoi batean bazkaldu genuen!
Categoría: Educación secundaria